viernes, 4 de mayo de 2012

Euskal ipuina


Mari eta Bizkaiko jauna


Don Diego Lopez Harokoa Bizkaiko Jauna zen XIV. mendean. Ehiztari porrokatua zen eta ahal zuen guztietan ateratzen zen basurde edo beste piztiaren baten bila. Izan ere, garai hartan, horrelako animaliez beteak baitzeuden gure mendiak.

 

Egun batean, pieza on baten atzetik zebilela, emakume bat ikusi zuen haitz baten gainean kantari. Guztiz ahots zoragarria zuen eta Don Diegori haren jabea ezagutzeko gogo bizia egin zitzaion; hala, harengana hurbildu zen.

 

Bere bizi guztian ez zuen horren emakume ederrik ezagutu. Garaia eta dotorea zen, larruazal zuri leunekoa. Haren begi beltz sakonek kontrastasun bizia egiten zuten ia lurreraino iristen zi­tzaion ile urre kolorekoarekin. Urrez bordatutako soineko berde bat zeraman eta kopetan zinta bat, urrezkoa hura ere. Hainbeste- rainoko distira zuen emakume hark, non itsu-itsuan maitemindu baitzen Don Diego.

 

-Nor zara? -galdetu zion.

 

-Anbotoko Dama -erantzun zion hark.

-Zu Anbotoko Dama zarenez eta ni Bizkaiko Jauna, nahi al duzu nirekin ezkondu?

 

Damak onartu zuen, baina gauza bat aginduarazi zion: bere aurrean ez zuela inoiz aitarenik egingo. Mari eta Bizkaiko Jauna ezkondu ziren eta semea eta alaba izan zituzten; Alabari urraka deitu zioten eta semeari Iñigo Gerra jarri zioten izena.

 

Urteak aurrera zihoazen eta denak zoriontsu bizi ziren Diego Lopez Harokoaren gazteluan. Egun batean, Don Diegok basurde handi bat ekarri zuen ehizatik bueltakoan; sukaldariek berehala maneiatu zuten afarirako. Familia osoa mahaian zegoela etxeko bi zakur sartu ziren jangelan eta zaunka hasi janari eske. Bat, zakur alano handi bat zen, oso oldarkorra, eta bestea, urtxakurra, askoz txikiagoa. Don Diegok, barrez, basurde hanka bat bota zien. Bi zakurrek gogor ekin zioten hankari, zeinek zeini kenduko, eta, denen harridurarako, txakur txikiak handia hil egin zuen eta basurde hanka herrestan hartuta alde egin zuen. Don Diegok, ezin izan zuen erre- mediatu, eta aitaren egin zuen, esanez:

 

-Jaungoiko nirea! Nire bizian ez dut horrelakorik ikusi!

 

Une hartantxe bertan, Marik bere alabari eskutik heldu eta biek hegan alde egin zuten leiho batetik. Geroztik ez zen haien berririk izan.

Urteak joan ziren eta, gaztelarren aurkako gerra batean preso hartu zuten Don Diego eta Toledoko gotorleku batera eraman zuten. Iñigo Gerra aholku eske ibili zen bere ahaideen artean, aita askatzeko zer egin; inork ez zekien, ordea, nola askatu aita, harik eta behin agure zahar bizarzuri batek honela esan zion arte:

 

-Iñigo, laguntza behar baduk hoa heure amarengana, hark esango dik zer egin.

 

Iñigo, bada, Anbotora joan zen, eta, haratu zenean, haitz baten gainean ikusi zuen Mari.

 

-Iñigo Gerra, seme -esan zion-, hator niregana, bazekiat zerta- ra hatorren eta; aita espetxetik ñola askatu galdetzera hator.

 

Marik oihu bat egin zuen, eta zaldi zuri eder ongi zelatu bat azaldu zen.

 

-Pardal dik izena -esan zion- To hiretzat. Guduak irabazten lagunduko dik, baina zela ez diok inoiz kendu behar, ezta jan-edanik eman ere. Gaur bertan Toledora eramango hau eta biak ekarriko zaituz- te etxera.

Eta hala, Iñigo zaldi gainera igo eta, konturatu zenerako, aita preso zeukaten gazteluko patioan zegoen. Bilatu zuen, eskutik heldu zion eta zaldia zegoen tokira eraman zuen, eta biak itzuli ziren Bizkaira; inork ezin izan zien ezer egin, biak ikusezin bilakatuak baitziren, bitartean.

 

Orduz geroztik, Bizkaiko Jaunaren etxean hiltzen zituzten behi guztien barrukiak haitz baten gainean uzten zituzten Marirentzat opari. Eta, esaten zutenez, hala egin behar omen zen, bestela gaitz izugarriren bat etorriko omen zen eta, Jaunaren edota etxearen gain. Eta halaxe geratu zen, gertatu ere. Don Diegoren birbiloba batek ez zuen gehiago oparirik egin, eta begi bat galdu zuen ohitura hura ez betetzeagatik.

 






No hay comentarios:

Publicar un comentario