viernes, 4 de mayo de 2012

Mongoliako ipuina


Aitona burugogorra.


Behin bazen agure bat, aitona burugogorra deitzen ziotena. Zazpi ardi eta bi zaldi zeuzkan, azken hauetako batek hegan egiten zuena. Zaldi hegalaria etxeko eskuinaldean lotzen zuen, eta ezkerraldean bestea. Agureak zera desiratzen zuen, bere ardi marroiak arkume zuri bat erditzea.

Egun batean aiton burugogorraren nahia bete egin zen, ardi marroiak arkume zuri bat izan baitzuen. Agureak, pozez gainezka, mendiko larrera eraman zuen jaio berria. Zelai batean utzita, ardiak biltzera abiatu zen. Hori bukatutakoan, arkumea utzi zuen tokira heldu zen, eta beleek arkumeari begiak jan zizkiotela ikusi zuen. Biziki haserretuta, zaldi hegalariaren gainean beleei jarraitu egin zien. Harrapatu zituenean, mokoa kendu egin zien biei, bai eta horien ordez beste egurrezko batzuk jarri ere.

Bere beleei egindakoa jakin zuenean, Zeruko Erregea ere haserretu zen, eta bi otso bidali zituen, zaldi hegalaria jan zezaten. Aiton burugogorra, ordea, zaldi hegalariaren gainean zeruan zebilen eta erregearen asmoen berri izan zuen. Orduan zaldi hegalaria lotzen zuen tokia beste zaldiarenarekin aldatu zuen, eta horixe jan zuten otsoek gerturatu zirenean. Baina agureak otsoei jarraitu egin zien, harrapatu eta larrua kendu, eta bien larruak beren muturretan jarri zizkien.

Erregeak orduan bere bi tximuak bidali zituen, aiton burugogorrari min egiteko aginduz. Tximuak hurbildu zitzaizkionean, agurea sukaldean ari zen lapikoan egosten. Bi piztiek etxearen oihalezko horma urratzen hasi ziren, eta egindako urraduretatik azaldu zirenean, agureak ura bota zien aurpegira.

Haserre bizian, Zeruko Erregeak bere bi herensugeak bidali zituen, aiton burugogorrari su eman eta kiskaltzeko asmotan. Agureak jakin zuenean, bere antzeko txorimalo bat egin zuen, ardiak zituen tokian kokatu, eta alde egin zuen handik. Herensugeek panpina erre egin zuten, baita larre-toki osoa ere. Gero agureak, zaldi hegalariarekin, haien atzetik jarraitu eta buztanak moztu zizkien bi herensugeei.

Zeruko Erregeak, aitona burugogorra epaitzeko eta lepoa mozteko asmoz, dei egin zion bere presentziara joan zedin. Agureak agindua bete zuenean, Erregeak galde egin zion:
- Zergatik kendu zenizkien mokoak beleei eta egurrezkoak jarri?
Aitona burugogorrak erantzun zion arkume zuriaren desira gauzatu zenean, beleek begiak jan zizkiotela, eta horrexegatik aldatu ziela mokoa.

Orduan Erregeak esan zion:
- Arrazoi duzu, baina zergatik kendu zenien larrua nire bi otsoei, eta gero muturrean jarri gainera?
- Zertarako bidali zenituen zerorrek otsoak, nire zaldi hegalaria jateko, ala bestea?
Hegan egiten ez zuen zaldia hiltzeko aitortu zion erregeak, eta agureak erantzun zion:
- Bada, hegan egiten ez zuena jan zuten; horrexegatik kendu nien larrua.

Erregeak arrazoia eman zion berriro aitona burugogorrari, eta segitu zuen:
- Baina zergatik erre zenien aurpegia nire tximuei?
- Zertara bidali zenituen tximuok, niri min egitearren ala nire etxea urratzera?
- Zuri min egitearren, jakina – erantzun zion.
- Bada, hori egin ordez nire etxea hondatu zuten; horrexegatik erre nien aurpegia.

Erregeak onartu egin zuen aitona burugogorraren argudioa, baina segitu zuen:
- Zergatik moztu zenien buztana nire herensugeei?
- Zer agindu zenien zerorrek, ni erretzea ala nire ardien larre-tokia erretzea?
- Zu erretzea jakina.
Eta agureak azaldu zion orduan ez zutela bera kiskali, bere ardien larre-tokia baizik.
Azkenik erregeak amore egin, eta errugabe utzi zuen. Aurrerantzean, aitona burugogorra zoriontsu bizi izan zen, bere zazpi ardi eta zaldi hegalariarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario